Historia

Gurea Gaztetxea (1987-1989)

Testua: AGAKO Argazkiak: EGIN

Arrasateko gaztetxearen historia 80ko hamarkadan hasi zen, 1987an hain zuzen ere. Herriko gazteek euren kezkak partekatzeko eta euren egitasmoak burutzeko gune libre baten beharra zuten; nahi zutena sortu eta eraikitzeko. Eta horretarako sortu zuten Arrasateko Gazte Asanblada (AGA). Sindikatuen etxean hasi ziren lehen bilerak egiten; eta -planak bestelakoak baziren ere- zenbait gorabeheraren ondoren, Gurea zinema begiz jo eta eraikina okupatzea erabaki zuen AGAk.  

Poliziarekin hainbat tirabira izan zituzten arren, gaztetxeko kideek -lehen urtean batez ere- Gureari bizitasuna ematea lortu zuten eta hainbat proiektu eta ekintza atera zituzten aurrera: Sorgina Irratia, Ay Untamiento fanzinea, Tunantes del Norte antzerki taldea, euskarako eskolak, asanblearismoa (oso maskulinoa, oro har), eztabaida politikoak, kulturaren sustapena, hiru gazte langabetu barran lanean… Beraz, herriko gazteentzat topaleku polita izatea lortu zuen Gureak, garai latz haiei arnasgune bat eskainiz.

Dena den, denborak aurrera egin ahala, lortutako irudi on hori galtzen joan zen eta herriko eta Euskal Herriko egoeraren “erakusleiho” izan zen Gurea. Langabezia tasa handiaren ondorioek, No future lemak eta, nola ez, poliziak sartutako drogak kalte handia egin zieten orduko gazteei. Tamalez, gaztetxea ez zen hortik kanpo gelditu eta garaiko egoerak gogor kolpatu zuen hura ere: heroina, lapurretak, biolentzia… Egoerak horretara bultzatuta, AGAko kideek 1989ko martxoaren 1ean entregatu zituzten giltzak udaletxean.

Ospitale zaharra, “Antroa” (1991-2002)

Testua: AGAKO Argazkiak: AGAKO

Pare bat urte beranduago sortu zen Arrasateko bigarren gaztetxea izango zena eta gaur egungo asanbladari izena emango ziona, 1991ko apirilean zehazki. San Frantziskoko kalistroetatik Ospitale Zaharrera sartzeko ohitura hartu zuen gazte talde batek, eta laster berau gaztetxe bihurtzeko erabakia hartu zuten. Gazte ugari hasi zen bertan batzen, ilusioz; izan ere, bazegoen gaztetxe baten premia, ez baitzegoen ekimenak antolatzeko lekurik. Bertako gazteek lehiaketa bidez Arrasateko Gazte Alternatiboen Kofradia Organizatua  (AGAKO) izena aukeratu zuten asanbladarentzat; gaur arte iraun duena.

Urte eder bezain emankorrak izan ziren. Drogodemenpekotasunaren inguruan lan ugari egin zen, HIESaren inguruko sentsibilizazioa landu zen HIES Ekimenarekin, intsumisioari bultzada handia eman zitzaion, garaian hain presentzia gutxi zeukan Martxoaren 8aren inguruko programazioa antolatu zen luzaroan, eta hitzaldi, ikastaro, antzezlan eta, batez ere, kontzertu ugari antolatu ziren.

Lana eta borroka ere ez ziren falta izan, jakina. AGAKOk bere kabuz hainbat obra handi egin behar izan zituen, eta Udalarekin zein bizilagunekin hainbat tirabira izan ziren. Kontzertuen harira izandako zenbait bizilagunen kexa zirela medio, luzaroan batzartu ziren Udalarekin Ospitale Zaharra insonorizatu edo etorkizuneko gaztetxea lortzeko.

90. hamarkadaren amaieran, ahulduta ageri zen Ospitale Zaharra: batetik, liberatuta zeuden langileek ez baitzuten gauzak antolatzeko interesik eta, bestetik, ez baitzegoen erreleborik. Horrela, herriko beste hainbat eragiletako gazteek gaztetxearen aldeko apustua egin eta herriari egoeraren berri eman ondoren egindako asanblada ireki eta jendetsu bati esker gaztetxea berrindartzea lortu zuten. 

Ordurako, Udalak jakinarazia zion asanbladari Ospitale Zaharra birmoldatu eta bertan proiektu berri bat egiteko asmoa zeukala, eta asanbladako kideak negoziaioetan aritu behar izan ziren udalarekin herriarentzat gaztetxe egoki bat lortzeko. Hala lortu zen gaur egun ezagutzen dugun eraikina lagatzea. 2002. urtean irten ziren asanbladakideak Ospitale Zaharretik, baina gaztetxe berrian sartu aurretik Altamira auzoan kokatutako lokal batean pasa behar izan zuten urte t’erdi. 

Altamirako lokala (2002-2003)

Testua: AGAKO Argazkiak: AGAKO

Altamirako lokalean pasatako denboran gaztetxe berriko kontu asko erabaki behar izan zuten asanbladako kideek, eta horretarako Euskal Herriko beste hainbat gaztetxe ezagutzera hurbildu ziren AGAKOko kideak. Horretaz gain, gazte problematikak lantzen jarraitu zuten, eta baita herrira begirako ekintzak egiten ere. Esaterako: GaztaYa fanzinea edota kiroldegian egin ziren kontzertuak.

Gaztetxe berria (2003-Gaur Egun)

Testua: AGAKO Argazkiak: AGAKO

2003ko ekainean sartu ahal izan zen AGAKO gaztetxe berrira azkenean. Urte nahasiak ziren Euskal Herri mailan, ilegalizazioak eta atxiloketak eguneroko bazka baitziren. Hasierako urteetan, espazioa atondu eta bizitza emateko lanak egin zituzten; barrura begirako lanak: hormak margotu, logela egin, liburutegia sortu, taberna egokitu… 

Ordutik, gaztetxearen funtzionamendurako ezinbestekoak izan diren zenbait eztabaida eta lanketa eman dira asanbladan, esaterako 2006ko Mondra D’or ekimenean emandakoak, edota XX. urteurrenarekin batera feminismoan emandako hastapenak asanbladako emakumeen* eskutik. Baina barnera begirako lanketak ez ezik, kanpora begirako hainbat eta hainbat ekintza antolatu izan dira: Itxungi Irratia, serigrafia tailerra, Trikili-Trakala fanzinea, asteburuetako kontzertuak… 

Gaziak ere izan ditu gaztetxearen azken etapa honek, 2010ean AGAKOko kide zen Joseba Iglesias Pajero zendu baitzen. Dena den, asanblada indartuta eta batuta irten zen hartatik eta herriarengandik jasotako babesa ezinbestekoa izan zen aurrera egiteko. Urte berean sortu zen Kooltur Ekimena ere, gaurdaino iraun duena.

2011 ere ez zen nolanahikoa izan. Urte hartan hustu zuten Bilboko Errekalde auzoko Kukutza III gaztetxea. Han ziren AGAKOko zenbait kide, zaintza txanda egiten. Atxilotuta eraman zituzten eta urteetara epaituak izan ziren. Gure herrian hainbat ekimen egin ziren huste hura salatzeko, besteak beste, isunak eta abokatuak ordaintzeko kontzertuak, udaleko osoko bilkuran mozioa aurkeztea.

Azken urte hauetan, belaunaldi aldaketarekin batera, herriko beste hainbat eragile eta mugimenduren etxe, topaleku eta erreferente bilakatu da gaztetxea; eta asanbladako kideek barrura zein kanpora begirako hainbat lanketa egiten dihardute. Autogestioa eta askatasuna lema ardatz hartuta, filosofia horren baitan lan egin eta sinisten duen ororendako zabalik jarraitzen dute bertako ateek, norbanako zein eragile.

Etorkizuna idazten jarrai dezagun pozez eta negarrez, lanez eta atsekabez, ikasiz eta desikasiz, baina beti borrokarako grinez.